Eudel

TOKI ADMINISTRAZIOETAKO KONTRATAZIOARI BURUZKO OHIKO GALDERA-ERANTZUNAK

*Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretua; apirilaren 1etik aurrera indarrean

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aplikatu dezake udal bati zerbitzuak ematen dizkion enpresa batek?

Ez; izan ere, administrazioak enpresa horretako langileen ordainsariak ordainduko ditu. Lan-agintaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eskabide guztiak baztertuko ditu kasu horietan.

Enpresak kontratua etetea eskatu behar du?

Bai, derrigorra da (kontratistak hala eskatuta), 34. artikuluko kontzeptuak kobratu nahi izanez gero.

Jakina, enpresak etete-eskabidea aurkeztuko du, udalak ordainsariak ordain diezazkion.

Salbuespen bakarra segurtasun eta garbiketa zerbitzuak dira; horietan, administrazioa ofizioz ere sar daiteke (kontratistak hala eskatuta edo ofizioz).

Nahikoa da enpresaren eskabidearekin?

Enpresak eskabidea aurkezteaz gain, egiaztatu behar du ordainsarien eta Gizarte Segurantzaren ordainketak betetzen ari dela.

Zer hartzen du barne ordainsari kontzeptuak?

Barne hartzen ditu hala ordainsari gordina, nola Gizarte Segurantzari egindako kotizazioei dagozkien gizarte-kostuak, enpresak bere gain hartutakoak. Ordainsari-gastu horiengatiko kalte-ordaina jasotzeko, aldez aurretik justifikatu beharko da ordainsariak ordaindu direla eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian kotizazio-kuoten zenbatekoak sartu direla.

Etete partziala edo erabatekoa?

Biak dira posible.

Adibidez, erabat itxitako instalazioak (erretiratuen etxeak, liburutegiak, eguneko zentroak...) edo zerbitzuen zati bat soilik bertan behera utzi dutenak (udaletxeko zenbait gune zabalik eta beste batzuk itxita).

Beste adibide bat jendearentzat itxitako kiroldegi bat izan daiteke; garbiketa-langileen % 25 behar da gutxieneko higiene-baldintzak mantentzeko, baita mantenimendu-zerbitzuko langile bat ere (bere sasoian sinatutako kontratuaren % 25 ordaintzen da), eta gainerako % 75a 34. artikuluan aitortutako kalte-ordain gisa ordaintzen da.

Kasu bietan, azpikontratatutako langileek ordainsaria jasoko dute: batzuek kontratuaren betetze partzialean oinarrituta, eta beste batzuek kontratuaren etete partzialean oinarrituta. Testu guztietan ageri da azpikontratatutako langileek ordainsaria jasotzeko borondate argia.

Etete partziala edo erabatekoa ezartzeko, kasu bakoitza aztertu beharko da, toki autonomian oinarrituta administrazio bakoitzarentzat zer den interesekoa kontuan hartuta eta, jakina, osasun-agintaritzak une bakoitzean xedatzen duena kontuan hartuta.

Enpresa azpikontratatzaileak eskubidea dauka 34. artikuluan jasotzen denaren desberdina den kanon, kalte-ordain edo kaltea jasotzeko edo bere sasoian aurreikusitako industria-onura bat jasotzeko?

Erabateko etetearen kasuan, argi dago ezetz; asmoa da enpresei laguntza ematea, 2020ko martxoaren 14an kontratuari atxikitako langileek azken buruan ordainsaria jaso dezaten, ez enpresei onura ematea, tamalez gauzatu ezin dezaketen jarduera edo zerbitzu batengatik.

Kontua da dirurik ez galtzea ordainsarien eta kotizazioen ordainketarekin (administrazioak hartuko ditu bere gain), eta langileek kasu orotan dirurik ez galtzea (ordainsaria puntualtasun osoz jasoko dute); aitzitik, ez da ulertzen enpresak industria-onura bat jasotzea ezohiko alarma egoera honetan.

Zer egin behar da alarma egoera amaitzen denean eta osasun-agintariek oniritzia ematen dutenean osorik edo zati bat jendearentzat itxita dauden instalazio publikoak irekitzeko?

Oso garrantzitsua da udalak enpresa kontratatzaileari modu fede-emailean jakinaraztea kontratuaren etenaldia amaitu dela. Argi dago ez dela gauza bera liburutegi bat irekitzea (ia-ia modu automatikoan egiten da, egun batetik bestera) edo, gauden sasoia kontuan hartuta, udako igerilekuak irekitzea (instalazioak prestatzeko aurretiko aldi bat behar da).

Normaltasunera itzultzeko eta, betiere, ahalik eta lasterren izan dadin saiatuta, kontratu bakoitzean eragingo duten aldagai guztiak aldez aurretik aztertu beharko dira. Beharrezkoa da enpresekin etengabeko harremana izatea.

EPEAK ETETEARI BURUZ

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak hau xedatzen du:

Hirugarren xedapen gehigarria. Administrazio epeak etetea.

  1. Sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko baldintzak bertan behera utzi eta epeak eteten dira. Errege dekretu honek edo, hala badagokio, horren luzapenek indarra galtzen dutenean berrabiaraziko dira epeak.
  1. Baldintzak bertan behera uztea eta epeak etetea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako sektore publiko osoari aplikatuko zaio.
  1. Aurrekoa gorabehera, organo eskudunak adostu ahal izango ditu, ebazpen arrazoitu bidez, prozeduran interesdunaren eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko beharrezkoak baino ez diren antolamendu eta instrukzio neurriak, betiere, azken horrek adostasuna agertzen badu, edo interesdunak epea ez etetearen aldeko adostasuna agertzen badu.

Ondorioz, abian dauden administrazio-prozedurak eten egingo dira, martxoaren 14tik alarma egoera amaitzen den momentura arte. Hau da, epea ez da osorik berriro zenbatuko alarma egoera amaitzen den egunetik aurrera; aitzitik, alarma egoera amaitzen den egunean, ikusi beharko da zenbat egun igaro diren epea hasi zenetik martxoaren 14ra arte, eta egun horiek kendu epearen zenbaketari, alarma egoera amaitutakoan abiarazten denean.

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren esparruan gizarte eta osasun alorreko premiazko neurri osagarriak hartzeari buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 8. Xedapen Gehigarriak, BOEn apirilaren 1ean argitaratutakoak, etete-araubidea aldatzen du, administrazio bidean dauden errekurtsoei eta aurkaratzeko beste edozein prozedurari dagokienez.

Zortzigarren Xedapen Gehigarriak (“Errekurtsoak aurkezteko epea luzatzea”) zera xedatzen du:

  1. Administrazio bidean errekurtsoak jartzeko epea zenbatzeko edo Legeetan aurreikusitakoaren arabera horiek ordeztuko dituzten aurkaratze, erreklamazio, kontziliazio, bitartekaritza eta arbitrajeko beste edozein prozedura abiarazteko epea zenbatzeko, interesdunarentzat kontrako edo kargazko eragina izan dezakeen edozein prozeduratan, kontuan hartuko da alarma egoera amaitzen den dataren hurrengo egun balioduna, alarma egoera deklaratu aurretik errekurtsoa edo aurkaratzea aurkeztea eragin duen administrazio-ekintza jakinarazten denetik igaro den denbora albo batera utzita. Aurrekoak ez du eragozten errekurtsoaren edo aurkaratzearen xede den administrazio ekintzaren eraginkortasuna eta betearazpena.

Hau da, errekurtsoak (gora jotzeko, berraztertzeko) edo aurkaratzeko beste edozein prozedura aurkezteko epea alarma egoera deklaratu baino lehen hasi bada, hau da, 2020ko martxoaren 14a baino lehen hasi bada, errekurtsoa jartzeko epea alarma egoera amaitzen den dataren hurrengo egun baliodunetik aurrera zenbatuko da osorik.

Errege Lege-dekretuak aukera hori xedatzen du soilik errekurtsoei eta aurkaratzeko bitartekoei dagokienez, ez 2020ko martxoaren 14a baino lehen hasi ziren eta orduan zabalik zeuden bestelako epeei dagokienez: alegazioak, errekerimenduen erantzunak, zuzenketak...

 

Era berean, nabarmentzekoa da 11/2020 Errege Lege-dekretuan arautzen dena, honen harira:

  • artikulua. Toki Erakundeen zerga-alorreko epeak etetea.
  • artikulua. Dirulaguntzen eta laguntza publikoen alorreko neurriak.