Hizkuntza-Politika
1.-XEDEA
Otsailaren 13ko Batzorde Eragileak elkartearen Euskara barne-plana egitea onartu zuen, eta horren barruan, euskararen erabilera eta kudeaketarako hizkuntza-politika jasotzeko beharra agertu da. EUDELeko euskara barne-plana egiteko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak egindako euskara-erabilera, hedadura eta kudeaketarako erreferentzia gida erabili da.
Metodologia honek agerian utzi du EUDELek elkartearen euskararen inguruko politika idatziz jasotzeko beharra, gure udalentzat zerbitzu-hizkuntza gisa eta EUDELeko langileentzat lan-hizkuntza gisa duen erabileran eta antolaketan euskarak duen presentziari dagokionez atzerakadarik saihesteko. Dokumentu honek xede du erakundeak hartu duen eta ohiko jarduna dena idatziz ematea eta bertan formalizatzea EUDEL euskara gaietan gidatu behar duten ideia nagusiak. Era horretan, EUDELen asmoa da, batetik Estatutu-agindua betetzea -3. XG-, baita gure udalen eskaera betetzea ere, gai honen inguruan izan ditzaketen beharrei eta itxaropenei erantzuna emanez eta EUDELek arlo horretan dituen legezko betebeharrak betetzetik haratago joanez.
2.- IRISMENA
EUDEL EAEko lurralde eremuan ezarpen handiena duen udalerrien elkartea da (2016ko maiatzaren 25ko Agindua) eta onura publikoa aitortua du ETELen Hirugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera. Finantzazio ia osoa publikoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago.
Lehenik eta behin, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarriko bosgarrenera jo behar da, zeinak dioen toki-erakundeek estatu osoko edo autonomia-erkidegoko mailako elkarteak eratu ditzaketela elkarren interes erkideak babestu eta bultzatzeko; elkarte horiei beren berariazko araudia ezarriko zaie, eta bertan aurreikusi gabekoetan, elkarteen alorreko Estatuko legedia.
ETELen Hirugarren Xedapen Gehigarriak toki-erakundeek beren interes komunak babesteko eta sustatzeko federazioak edo elkarteak eratzeko eskubidea aitortzen du, baina ez du berariazko araudirik garatzen, bigarren atalean xedatutakoa salbu, non eremu administratiboko jarduketa-eremu edo ahalmenak jasotzen diren.
Elkarte mota horientzako araudi espezifiko osorik eman ez denez, elkarteen arloko legeria hartu behar da kontuan, hau da, 1/2002 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Elkartzeko Eskubidea arautzen duena eta 7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa, eta arau horiek aplikatuko dira.
Bi arau-testuetan adierazten den bezala, elkarteak bere ohiko funtzionamendua egokitu beharko du Estatutuek xedatutakoaren arabera, eta, era berean, beroriek funtzionamenduan aplikatzen diren arauak ezarriko dituzte, betiere aipatutako legeen aurkakoak ez badira.
179/2019 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa, aplikatzekoa da toki-erakundeek ekarpenen gehiengoa duten elkarteetan (EUDEL). Eragin nabarmena du hauetan guztietan: irudi instituzional eta korporatiboa, publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea, dibulgazio- eta informazio-argitalpenak, internet eta intranet sareak, hizkuntza-eskubideak eta diskriminaziorik ezaren printzipioa; barne-eremuan, plangintza-neurriak, instituzio- eta administrazio-erabilerarako tresnak, lan-hizkuntza eta gobernu-organoen funtzionamendua, dokumentu-araubidea eta ofimatika-materiala, kontratazio publikoa, lankidetza-hitzarmenak, eta, azkenik, sustapen-neurriak.
3.- MUGARRIAK ETA EGUNGO EGOERA
Bere gobernu-organoen eta kideen izaeragatik, EUDELek barne-eremuan jarduteko modu jakin bat hartu du euskararen erabilera eta kudeaketan.
- EUDELek 1982an sortu zenetik, bere izenerako Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos hautatu zuen. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko bi Hizkuntza ofizialetan, eta akronimoa, EUDEL, euskarazko izenaren hasierako letrek osatzen dute (EUskadiko UDalen ELkartea).
- Estatutuen 5. artikuluak elkartearen helburuen artean honako hau jasotzen: “Euskararen berreskurapena, normalkuntza eta erabilera bultzatzea”.
- 1999an EUDELek teknikari bat kontratatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Euskara sailarekin zuen jarduera koordinatzeko.
- Hizkuntza-eskakizunak eta horien beharra derrigortasun dataz ezartzea ez aurreikusi arren, gure udalekin harreman zuzen duten lanpostuei atxikitako pertsonak euskaldunak izan dira beti.
- Elkartean aplikatzen den hitzarmen kolektiboa Udalhitz da (Euskadiko toki-erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituena.), eta bere 7. tituluan langileen hizkuntza-eskubideen praktika jasotzen du.
- Irudi korporatiboarekin lotutako seinale eta alderdi guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiltzen dira.
- EUDELek parte hartzen duen edo osatzen dituen eta kidetutako udalei bidaltzen zaizkien gomendio, zirkular, komunikazio, protokolo, hitzarmen, akordio, etab. hizkuntza bietan dira. Gainera, eskatutako kasuetan, euskaraz bakarrik bidaltzen zaio udal eskatzaileari.
- Erakunde-ordezkari eta udal-teknikariekin izaten den banako harremana EUDELeko solaskideak zehazten duen bezala egiten da.
- EUDELek bere lanpostuak betetzeko egiten dituen kontratazio berrietan ezinbesteko betekizuna da euskara gaitasuna.
- EUDELeko langileek erakundeetako teknikari eta ordezkariekin izaten dituzten bilerak euskaraz edo gazteleraz egin daitezke berdin-berdin, hiztunen hizkuntza-hautuaren arabera..
- urtetik EUDELen teknikari bat arduratu da, besteak beste, erakundeekin egindako hitzarmenak betetzen direla zaintzeaz eta itzulpenen eta euskaraz egindako dokumentuen hizkuntza-kalitatea ikuskatzeaz.
- Euskara marko instituzionalean txertatzeko eta “Herri-administrazioen arteko euskarazko harremanak areagotzeko egitasmoa” martxan jartzeko, Hizkuntza Politika Sailburuordetzak udalei eskatutako informazioa bidaltzeaz eta jasotzeaz gain (beren ordezkari baita), proiektu horren barruan eta jasotako irizpideen arabera konpromisoa hartu zuen euskaraz jarduteko berdintasun-arloko erakunde arteko harreman guztietan.
- Langileek zein Batzorde Eragileko kideek Euskaraldiaren 2018ko edizioan parte hartu zuten, eta Batzorde Eragileko kideek onartu dute 2020an Elkartea arigune gisa parte hartzea.
Kanpoko eremuan eta erakundeen arteko lankidetzari dagokionez, honako ekimen hauek garatu dira erakundeekin batera:
- 1999an EUDELek lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiarekin udalek toponimia-gaietan zituzten kontsultak argitzeko eta aholkatzeko. Hitzarmen hau hainbatetan berritu izan da harrezkero. Eta EUDELek bere gain hartzen ditu bere aurrekontuaren kontura -15.000 euro urtean- Euskaltzaindiari egiten zaizkion kontsultak.
- 2006an EUDELek Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin hitzarmena sinatu zuen EUDELen (UDALE) euskara zerbitzua sortzeko, udalei euskararen erabilera normalizatzeko planak sortzen laguntzeko balio zezan. EUDELek teknikari bat kontratu zuen zerbitzua sortzeko, dirulaguntzaren eta zerbitzuaren kostuaren arteko kostu-aldea bere gain hartuta. Geroago, 2009an, hitzarmena berritu zen Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin eta 2010etik udalei Ekilore enpresaren bitartez ematen zaie Zerbitzua.
- EUDELek modu aktiboan parte hartu du, bere teknikarien bidez, euskaltegiei buruzko 2009 eta 2010eko hitzarmenetan.
- EUDELek parte hartu du 2/2016 Legearen, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, idaztean, non I. tituluan (6. eta 7. artikuluetan) Euskadiko toki-erakundeen hizkuntza ofizialari buruzko xedapenak jasotzen diren, bai eta erakunde horiek euskararen erabilerari dagokionez dituzten eskumenak ere.
- Halaber, EUDELek parte hartzen eta laguntzen du euskararekin lotutako hainbat organotan:
- Euskararen Aholku Batzordea
- Hizkuntza Politika gaietan Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordea, HAKOBA.
- BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiriaren Artezkaritza Kontseilua.
- HABEren Zuzendaritza Batzordea. (hitz egiteko eskubideaz, baina ez botoa ematekoaz).
Hauek dira betidanik EUDELen egin diren praktikak, eta abiapuntutzat hartzen dira, konpromiso irmotzat, euskara elkartean erabiltzeari eta presentziari dagokionez.
4.- JARDUNBIDEAK
EUDELen euskara plana eta hizkuntza-politika onartzearekin lortu nahi diren xedeak hauek dira:
- Elkartearen Estatutuen 3. X.G.-an jasotako agindua betetzea.
- EUDELek urte hauetan guztietan euskararekin lotutako hainbat gaietan, bai kudeaketan, baina bere kideen zerbitzuan egindako ahalegina balioestea.
- Bikain ziurtagiria lortzea elkarteak euskararen erabilera eta presentzian duen hizkuntza-politika ikusaraztea eta gure udalei ziurtagiria lortzera animatzea.
- Eta, hala barne-eremuan, nola gure kideen artean eta ingurune sozialean, EUDELen kudeaketaren alderdi hau ikusaraztea.