Egonaldi turistikoen gaineko zergaren zenbatekoa turismo establezimenduaren ostatu zerbitzuen BEZaren zerga oinarrian kontuan hartu behar da?

Hotel batek jakin nahi du egiten dituen ostatu zerbitzuen BEZaren zerga oinarrian kontuan hartu behar duen ostatu hartzaileei eskatu behar dien Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zergaren zenbatekoa

Hotel batek jakin nahi du egiten dituen ostatu zerbitzuen BEZaren zerga oinarrian kontuan hartu behar duen ostatu hartzaileei eskatu behar dien Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zergaren zenbatekoa.

Bai. Ematen dituzun ostatu zerbitzuen BEZaren zerga oinarriaren zenbatekoan kontuan hartu behar duzu exijitu beharreko egonaldi turistikoen gaineko zerga. Beraz, fakturan sartu beharko duzu, eta BEZaren kuota handituko duzu, zure bezeroei eragiten diezun % 10eko tasan.

Ondorio hori bera aplikagarria da 3/2026 Foru Arauaren 4. artikuluan araututako gainerako turismo ostatuen establezimenduei ere, baldin eta BEZari lotutako eta salbuetsi gabeko eragiketak egiten badituzte, dagokien zerga tasaren arabera. Egonaldi turistikoen gaineko zergak zerga oinarrian kontuan hartuko da, dagozkion ondorioetarako, BEZetik salbuetsita egon daitezkeen zerbitzuetan ere bai.

Hori guztia, ekainaren 12ko 3/2026 Foru Arauan araututako Gipuzkoako Lurralde Historikoko egonaldi turistikoen gaineko zergaren ezaugarri bereizgarri hauek kontuan hartuta:

  • Zeharkako tributu bat da, erreala eta berehalakoa.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko edozein udalerritan turismoko ostatu establezimenduetan egiten diren egonaldiak zergapetzen ditu.
  • Zergaren subjektu pasiboak izango dira, zergadun gisa: zehaztutako turismoko edozein ostatu establezimendutan egonaldi bat egiten duten pertsona fisiko guztiak edo zergaren sortzapenaren unean igarobidean dauden itsasontziko bidaiariak.
  • Zergaren subjektu pasiboak izango dira, zergadunaren ordezko gisa: 3/2026 Foru Arauaren 4. artikuluan aipatutako turismo ostatuko edozein establezimenduren ustiapenaren titularrak; turismoko gurutzaontzien kasuan, itsasontzi turistikoaren armadorearen edo ontzi konpainiaren izenean jarduten duen kontsignatarioa.
  • Zergadunaren ordezko horiek dira zergaren betebehar materialak eta formalak betetzera behartuta geratzen direnak, eta, bereziki, zergadunari zerga exijitu eta zerga autolikidatu behar dutenak.
  • Zergadunak ordezkoari ordaindu behar dio zerga.

Ondorioz, establezimendu turistikoen titularrak ez du bezeroaren izenean eta kontura jarduten, bere izenean eta zergaren subjektu pasibo gisa baizik.

Horregatik, ostatu hartzaileei eskatzen zaien egonaldi turistikoen gaineko zerga honen zenbatekoa, BEZaren ondorioetarako, ez da ordejarritzat hartuko. Hain zuzen ere, establezimendu turistikoek ez dute zerga beren bezeroen kontura ordaintzen, bezeroen esanbidezko agindu baten arabera; aitzitik, zerga araudiak berak esleitzen die zerga hori eskatzeko eta biltzeko betebeharra.

(Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 78.bi.4 eta hiru.3 artikuluak.

3/2026 Foru Araua, ekainaren 12koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zergarena.)

(Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia. ZergaBidea – Gipuzkoako Ogasun Foralaren betebehar fiskalak betetzeko hodeian dagoen plataforma.: Zerga obligazio Nagusia / Zerga oinarria).