EUSKADIKO UDALETAN UDAKO EKITALDIAK EGITEKO EUDELEN OINARRIZKO GOMENDIOAK
Maiatzaren 14an egindako bileran, bideokonferentzia bidez egindakoa, EUDELen Batzorde Eragileak, Euskadiko udaletako sentsibilitate ezberdinetako alkateek osatuta, aho batez adostu zituen oinarrizko gomendioak, datozen hilabeteetan, 2020ko irailaren 15era arte, antola daitezkeen ekitaldi eta jarduera soziokulturaletarako.
EUDELen gomendioak udal guztietara helarazi dira EAEko 252 udalek oinarrizko jarraibideen esparru orokor bera izan ahal izateko, eta hortik abiatuta, udal bakoitzak bere udal-autonomiaz hartu ahal izango ditu erabakiak. Gomendioen helburua da udako kanpainan udalerrietan egiten diren jarduera guztietan osasuna eta segurtasuna bermatzea, bai kanpokoetan, bai espazio itxietan. Gomendio horiek pandemiaren bilakaeraren aurrean unean-unean indarrean dauden araudi eta osasun-xedapenetara egokitu ahal izango dira.
EUDELen Akordioa
Batzorde Eragilearen akordioa (2020/05/14)
Arau orokor bezala, eta une bakoitzean ematen diren osasun-xedapenak betetzeari kalterik egin gabe, eta beste irizpide batzuen erabilera justifikatzen duten kasu espezifikoetan izan ezik, jarduerak parametro hauen arabera antolatzea edo baimentzea gomendatzen da:
- Bai leku itxi, zein irikietan, 250 pertsona eserita gainditzen ez dituzten ekitaldiak.
- Pertsonen arteko segurtasun tartea 2 metrotakoa izatea zainduko da.
- Kanpoan edo estalitako eremuetan egiten diren ekitaldi edo ekintzen kasuan 4 metro karratuko eremua gordeko da pertsona bakoitzeko.
- Eremu publikoaren gehinezko okupazioa ez ditu 1000 metro karratuak gaindituko.
- Udako eta eguneko udalekuen jarduera esekituta geratzen da.
- Estalitako udal instalazioak itxita jarraituko dute ekitaldi zehatz bat egiteko salbu.
Gomendio hauek momentu bakoitzean pandemiaren bilakaeraren arabera onartzen den araudiari moldatuko dira eta hau dena udal autonomiari kalterik egin gabe.
Halaber, Batzorde Eragileak igerileku eta hondartzen kudeaketari ekin eta honen inguruan irizpidea eman dezan, lantalde baten sorrera adostu du.