Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Zumarraga

Zumarraga herri gipuzkoarra
Datu orokorrak

Urretxuren aldameneko herria Aizkorriko Parke Naturalaren babesean dago, Urola Garaia eskualdean, burdinaren kultura guztiz errotuta dagoen haranean (antzinako burdinolak, errotak, presak? nonahi aurki daitezke inguru hartan).

Zumarragan, zalantza barik, arte eta kultura ondare aberatsa azpimarratu behar dugu lehenik eta behin. Hirigunean bertan, Euskadi enparantza herriko arkitektura zibilaren adibiderik ederrenetakoa da. Arkupedun plazan interes handiko eraikinak ikus ditzakegu gainera, XIX. mendeko udaletxe neoklasikoa eta Itarte eta Uzkanga etxeak, esaterako. Enparantzaren erdian berriz, Migel Lopez de Legazpi Filipinetako konkistatzailearen omenezko monumentua dago. Brontzezko eskultura Aniceto Marinasen lana da eta harrizko oinarri baten gainean dago. Handik ez oso urruti, merezi du konkistatzailearen jaiotetxea ikustea. Legazpi dorretxea garai feudaleko gotorlekua da eta monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1945ean.

Bestalde, Andre Mariaren Jasokundearen eliza nabarmenduko dugu. Euskal gotikoko estilokoa da eta hainbat fasetan eraiki zuten, 1576. urteaz geroztik. Hiru nabe ditu eta gurutzeria-gangek estaltzen dute sabaia. Elizpe ederraren babesean, atari nagusi barrokoa dauka eta barruan, elementu barrokoak eta gotikoak dituen XVIII. mendeko erretaula.

Erdigunetik bi kilometrora, Beloki (641 m) mendiaren magalean aurkituko dugu herri arkitektura erlijiosoaren altxorretako bat. Antiguako baseliza, "ermiten katedrala" izenaz ezaguna, monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Paisaia ederrak inguratzen du baseliza erromanikoa; apaindura gutxiko kanpoaldea du eta bertan, atari gotikoa nabarmentzen da. Barnealde bikainak ostera, aho zabalik utziko du bisitaria, egurrezko eta harrizko egituraren harmonia erabatekoa baita.

Loiolako Basilikarekin (Azpeitia) eta Arantzazuko Santutegiarekin (Oñati) batera, Antiguak Hiru Tenpluen Ibilbide ezaguna osatzen du. Urola eta Debagoiena haranak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du ibilbide horrek, naturgune ederretan kokatuta dauden hiru monumentu horiek ardatz hartuta. Horrez gainera, Zumarraga inguruko mendietan beste zenbait ibilaldi ere egiteko aukera badugu. Horietako bat Antiguako ermitan bertan hasten da eta inguru hartan topatutako monumentu megalitikoak ikus ditzakegu bidean.

Bestalde, Zumarragak uztailaren hasieran ospatzen ditu jai nagusiak Santa Isabelen omenez. Garai horretan, Antiguako ermitaren inguruan erromeria egiten dute eta bertan, ezpata-dantza dantzatzeko ohitura dago. Halaber, ezin dugu ahaztu abenduaren 13an antolatzen duten Santa Lutzi feria. Jende andana hartzen du urtero nekazaritza eta zaldien azokak. Ekitaldi ugari izaten dira egun osoan zehar; zaldi eta hegaztien lehiaketak, bertoko produktuen erakusketa eta dastaketa, makinak eta burdinezko piezen erakusketak, etab.

Ba al dakizu... ?

Uztailaren 2an Santa Isabel eguna ospatzen da Antiguako baselizan. Dantzariek Zumarragako ezpata-dantza dantzatzen dute elizaren barruan.

Esteka interesgarriak