Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Zizurkil

Zizurkil herri gipuzkoarra
Datu orokorrak

Zizurkil Tolosaldea eskualdean dago, Oria ibaiaren ezkerreko aldean eta Donostiatik 20 bat kilometrora.

Larre berdeek inguratzen duten hiriguneak eta han-hemenka, zenbait auzotan antolatuta dauden baserri multzoek osatzen dute udalerria. Hirigunea bera, bi zatitan banatuta dago: Zizurkil Behea eta Zizurkil Goia. Oria ibaiaren gainean eraikitako harlanduzko zubia igarota iritsiko gara Villabonatik gertu, udalerriaren beheko aldean dagoen auzora; Elbarrenara, hain zuzen. Handik, bi kilometrora dago Zizurkil Goia, udalerriko zerbitzu gehienak biltzen dituen erdigunea. Bertan, plazan has dezakegu ibilaldia. San Millan eliza barrokoa gailentzen da han, eraikin handia baita eta gainera, gotorleku itxura du. Nabe bakarrekoa, gurutzeria-gangek estaltzen dute sabaia. Eliza-atariaren egurrezko egitura ere nabarmentzekoa da, Gipuzkoako ederrenetakoa baita.

Elizaren inguruan, hainbat eraikin interesgarri daude; Apaiz-Etxea edo Eliz Gain, Etxeberri, Iriarte, Portxeta eta San Millan, esate baterako. Azken horrek, Erdi Aroko hainbat elementu ditu aurreko horman. Udaletxeak berriz, angeluzuzeneko oinplanoa du, hiru arku dituen ataria eta armarri ederra fatxadan.

Halaber, merezi du landa giroko auzoetan barrena murgiltzea. Horietan, azpimarratzekoak dira baserri ederrak, herri arkitekturaren adierazgarri diren eraikinak. Besteak beste, gure arreta piztuko dute Lardamuñok (Buztin Ballara), Andiak, Aretak eta Zarateko Bentak (Mendi Ballara) eta Berastegik, Legarraldek eta Luzuriagak (Aezkoa Ballara).

Horrez gainera, ibilaldi polita egin dezakegu Andatza (562 m) mendira. Horretarako, erdigunetik bertatik hasten den baso-bide bati jarraituko diogu, Zarate baserrirantz. Azken horren inguruan, zelai handia dago eta bertan, atseden hartu edota naturaz gozatzeko parada dugu.

Bestalde, Zizurkilen herriko zaindariaren jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dituzte, Jasokundeko Amaren omenez. Elbarrena auzoan, berriz, Arantzazuko Amaren egunean, irailaren 9an, ere festa giroa izaten da nagusi.

Ba al dakizu... ?

Zizurkil bi gune nagusitan banatuta dago: Zizurkil Behea eta Zizurkil Goikoa.

Esteka interesgarriak