Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Soraluze-Placencia de las Armas

Soraluze herri gipuzkoarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Soraluze-Placencia de las Armas
  • Biztanleria: 3.947
  • Azalera: 14,2 Km²
  • Web: http://www.soraluze.net

Armagintzan tradizio handiko herria dugu Soraluze. Deba ibaiaren ertzean dago, Debabarrena eskualdean, hain zuzen. Landa giroko lau auzok (Txurruka, Ezozia, San Andres eta Irure) eta ibaiaren inguruan antolatzen den hiriguneak osatzen dute udalerria.

Bertako paisaia deigarria da oso, tontorrez inguratuta, erdigunea bera mendi-hegal malkartsuetan eraiki baitzuten. Herrian bertan, interes handiko hainbat monumentu aurki ditzake bisitariak. Santa Maria la Real parrokia nabarmenduko dugu. XIII. mendeko elizak elementu errenazentistak eta barrokoak dituen egurrezko atari bikaina du. Horrez gainera, ikustekoak dira Arregigaraikua, Saloguenekua, Ormaetxea, Jauregui eta Torrea dorretxeak. Herrigunetik kanpo berriz, ermita askoren artean, Ezoziko Amaren omenez eraikitakoa azpimarratuko dugu. Txikiagoa izan arren, kanpotik parrokiaren itxura bera du.

Esan bezala, ingurua oso menditsua da. Baserriak eta ermitak nonahi topa ditzakegu mendi-hegal malkartsuetan. Hala, naturaz gozatu eta aire garbia arnastu nahi duen orok herri inguruko bidexketan izango du horretarako parada.

Karakatek (749 m), Atxolinek (841 m) eta Irukurutzetak (899 m) osatzen duten gailurreria berdetik esaterako, ikuspegi bikainak daude. Euskadiko begiratoki ederrenetako bat da. Alde batean, itsasoa ikus dezakegu eta bestean, tontor ezagunak, Anboto, Gorbeia eta Oiz, besteak beste. Jose Migel Barandiaran paleontologo eta etnografoak «Trikuharrien ibilbidea» izena jarri zion gailurreria horri. Izan ere, trikuharriak eta tumuluak ugari dira bidean zehar, eta horiek guztiak errito, konjuro eta erromerien lekuko izan dira mendeetan zehar.

Bestalde, jai-egitarau oparoa du Soraluzek. Uztailaren amaieran, Santa Anaren omenezko jaiak ospatzen dituzte, eta, abuztuaren erdialdean berriz, Andra Maria Jasokundekoaren eta San Rokeren, herriko bi zaindarien, ohorezkoak. Dena dela, ezin ditugu beste bi festa ahaztu. San Blas eguna otsailean izaten da eta jai hori oso errotuta dago herrian, oso ohikoa baita etxean egindako opilak bedeinkatzea. Halaber, urtetik urtera oihartzun handiagoa hartzen ari da Gaztañerre azoka, azaroko bigarren larunbatean egiten den festa, alegia.

Ba al dakizu... ?

Azaroko bigarren larunbatean Gaztañerre azoka egiten da Soraluzen. Azoka garrantzitsua da hori.

Esteka interesgarriak