Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Orio

Orio herri gipuzkoarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Orio
  • Biztanleria: 5.805
  • Azalera: 9,8 Km²
  • Web: http://www.orio.eus
  • Tursimo bulegoa:
    Oficina de turismo
    Herriko Enparantza, 1
    20810 Orio
    Tel: 943 830 904
    Fax: 943 130 260
    turismoa@oriora.com

Bisitaria liluratuko duten ezaugarri asko ditu Gipuzkoako kostaldeko arrantzale-herriak. Udan biltzen da jende gehien bere kaleetan, paisaiaren edertasunak erakarrita. Izan ere, itsasoak, mendiak eta Oria ibaiaren bokaleak egiten dute bat, mende askotan erromesen igarobide garrantzitsua izan den herri honetan.

Oraindik ere, Donejakue bideari oso lotuta dago Orio. Kostako bideak, herri honetan barrena, hainbat altxor ezkutatzen ditu, Tourseko San Martin ermita eta Bariko San Nikolas parrokia barrokoa, tartean. Azken hori alde zaharraren goiko aldean kokatzen da, xarma handiko hirigunean, hain zuzen.

Erdigune historikoa XII. mendekoa da. Goiko kale izenaz ezagutzen dute eta Erdi Aroa gogora ekartzen duten harrizko karrika estuek osatutako labirinto baten itxura du. Handik oso gertu, txingarretan erretzen daudela, arrainek eta okelek zabaltzen duten usain gozoa sumatuko dugu. Bisigua da Orioko jaki preziatuenetakoa, baina ez bakarra. Negu gorrian, ontzi txikiak ikusten dira gauero ibaiaren bokalean, angulatan.

Askok eta askok oporleku bezala aukeratzen dute Orio. Bi hondartza ditu, Antilla eta Oribazar. Lehendabizikoa itsasadarraren ondoan dago eta guztira, 3.500 metro karratu ditu azaleran. Horrez gainera, Orioko kanpina eta haurrentzako jolastokia duen parke ederra ondoan ditu hondartza horrek. Oribazar berriz, ibaiaren beste aldean dago eta bakartiagoa da. Hala, paseatzeko toki aparta dugu. Oriotik oso gertu, Aian, Pagoetako Parke Naturalera ibilaldia egin dezakegu, Gipuzkoako naturgune paregabea ezagutzeko.

Dena den, arraunak egin du ezagun kostaldeko herria. Kirol mota hau oso errotuta dago bertan, eta, hala, Orioko traineruak, kolore horia duen ontziak, garaipen asko eta asko lortu ditu urtetan.

Bestalde, herriko jai nagusiak bi dira Orion: San Pedroak, ekainean, eta San Nikolas festak, abenduan. Jai egitarauan beste bi ekitaldi azpimarratu behar ditugu: Bisiguaren eguna eta Bordeleko ardoaren azoka. Azken horretan, ardo eskaintza zabala dastatzeko aukera izango du bisitariak.

Ba al dakizu... ?

Estropadei oso lotuta dagoen udalerria da Orio.

Esteka interesgarriak