Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Oñati

Oñati herri gipuzkoarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Oñati
  • Biztanleria: 11.276
  • Azalera: 108,2 Km²
  • Web: http://www.oinati.eu/es/la-localidad
  • Tursimo bulegoa:
    Oficina de turismo
    C/ San Juan, 14
    20560 Oñati
    Tel. : 943 783 453
    Fax: 943 783 069
    turismo@oinati.org

Oñati Gipuzkoako udalerririk dotoreenetakoa eta Euskadiko ederrenetakoa da, ezbairik gabe. Debagoiena eskualdean eta Aloña mendiaren babesean kokatuta, inguruko aldapa malkartsuen artean ageri da hirigune historiko bikaina duen herria, eta bertan eraikin, jauregi eta eliza eder asko daude han-hemenka.

Herriko sarreran bertan, Sancti Spiritus Unibertsitatea topatuko dugu. Errenazimentuko arkitektura zibilaren eredu onena da Euskal Herrian. XVI. mendean eraiki zuten Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainaren aginduz. Eraikinak aurrealde dotorea du eta barruan berriz, klaustroa eta kaperako erretaula platereskoa (Pierres Picart eskultore frantziarrak landutakoa) nabarmenduko ditugu.

Horrez gainera, badira bisitaria aho zabalik utziko duten beste monumentu batzuk ere: San Migel parrokia, estilo gotikoa, barrokoa eta neoklasikoa uztartzen dituen eliza; Bidaurreta monasterioa, XVI. mendeko atari gotiko landua duen eraikin handia; Foruen enparantza, albo batean udaletxea duela; eta Santa Marina plaza, jauregi ederrek (Antia, Madinabeitia eta Baruekua, tartean) inguratzen duten enparantza, hain zuzen.

Gipuzkoan, azalera handiena duen herria da Oñati. 14 auzok eta bi elizatek osatzen dute eta, zalantza barik, auzune ezagunena Arantzazu da. Erdigunetik 9 kilometrora dago, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean, eta bertan, azpimarratzeko modukoa da Arantzazuko Santutegi bikaina, XV. mendean artzain batek arantza baten gainean ikusi zuen Ama Birjinaren omenezko tenplua. 50. hamarkadan eraiki zuten eta abangoardiako artean eredu dugu, izen handiko artistek parte hartu baitzuten lanotan, Eduardo Chillidak, Jorge Oteizak, Nestor Basterretxeak eta Lucio Muñosek, esate baterako.

Arantzazutik bertatik, mendi-ibiliak egiteko aukera paregabea dugu. Oinez joan gaitezke Urbiako zelaietaraino eta handik, Aizkorriko mendilerroko tontorren bat igo dezakegu. Inguru hori guztia parke natural izendatu berri dute.

Bestalde, Oñatiko jaiak eta ospakizunak kultura tradizionalari estuki lotuta daude. Alde batetik, Corpus Christi eguna, bost mendetako antzinatasuna duen festa, ospatzen dute herrian, eta prozesioaz gain, "Kontrapas", "Makil-dantza" eta "Arku-dantza" ikusteko aukera izaten da bertan. San Migel eta Arrosarioko festek ere garrantzi handia hartu dute herrian, "Herri eguna"-k eta artzain txakurren nazioarteko lehiaketak bezala. Azken ekitaldi honetan, animaliok artaldea artegira nola eramaten duten bertatik-bertara ikusteko aukera du Oñatira hurbiltzen den orok.

Ba al dakizu... ?

Gipuzkoako lurralde historikoko udalerri dotoreena eta ederrenetako da Oñati.

Esteka interesgarriak