Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Idiazabal

Idiazabal herri gipuzkoarra
Datu orokorrak

Kalitate handiko gaztak ezagun egin duen herria Gipuzkoako lurralde historikoaren hegoaldean kokatzen da, Goierri eskualdean, hain zuzen. Naturgune paregabean dago, Aralar eta Aizkorri mendilerroen artean, eta inguruan 1.000 metro baino gutxiago duten mendiak ditu. Horrez gainera, oso ongi komunikatuta dago, N-1a, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen errepidea, alboan dauka eta.

Hiriguneak eta Urtsuaran auzoak (Etxegaratera bidean, herritik kilometro gutxira dagoen auzoa) osatzen dute udalerria. Inguruko mendietan, han-hemenka sakabanatuta dauden baserri multzoen artean, Neolitiko eta Brontze garaiko monumentu megalitikoak topatuko ditugu; Atxurbi, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidarte eta Zorroztarri tumulu eta trikuharriak, esate baterako.

Erdigunean bertan, San Migel parrokia gailentzen da eta bertan, sarrerako atea (XII-XIII) nabarmendu behar dugu. Estilo erromanikoa eta gotikoa uztartzen ditu atari bikain horrek. Halaber, ikustekoak dira Indianoen jauregiak (Txomenarenea, Floreaga, Arraizenea...) eta XVII. eta XVIII. mendeko jauretxe dotoreak (Eztenaga, Maugia, Oiarbide...). Herriko plazan, artzainari eskainitako monumentua aurkituko dugu, abeltzaintzak inguruotan izan duen garrantziaren erakusgarri.

Herriaren izena hartu du Idiazabal jatorri izendapena jaso duen gaztak. Mendetan euskal artzainek erabili duten errezeta bera aintzat hartu dute kalitate handiko gazta egiteko. Gazta ondua da, eta, gutxienez, bi hilabetetako ontze-prozesua izaten du. Ardi latxaren esnearekin egiten dute baserritarrek beraiek eta izen handiko beste zenbait gaztekin ari da lehian merkatuan.

Bestalde, Idiazabalek otsailaren hasieran ospatzen ditu San Blas jaiak. Hilaren 3an gainera, San Blas opilak, anis zaporea duten erroskila modukoak, bedeinkatzen dituzte, eta Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, belaunaldiz belaunaldi eutsi diote ohitura zahar horri.

Ba al dakizu... ?

Idiazabal gaztari oso lotuta dagoen udalerria da. Izan ere, herriaren izen bera duen jatorri izeneko gazta mota bat dago.

Esteka interesgarriak