Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Elgoibar

Elgoibar herri gipuzkoarra
Datu orokorrak

Gipuzkoako mendebaldean dago Elgoibar, Debabarrena eskualdean, kostaldetik 13 kilometrora. Deba ibaiak iparretik hegora zeharkatzen du udalerria, eta bere bidean hainbat errekatxo sortzen ditu, tartean Azkarate eta Potomendi.

Biztanle gehienak hirigunean bizi dira, baina Elgoibarren badira beste zazpi auzo: Altzola, Arriaga, Sallobente-Ermuaran, Aiasta, Idotorbe, Azkue eta Urruzuno. Horrez gainera, mendi ederrez inguratuta dago herria eta horiek ibilbide interesgarriak egiteko aukera eskaintzen dute, baita trikuharriak eta tumuluak ikusteko parada ere.

Industria handiko herria da eta, bereziki, makina-erremintak izan du hazkunderik nabarmenena azken hamarkadetan. Industria horrek eragin handia izan du bailararen garapen soziekonomikoan, eta hori islatzeko Elgoibarren bertan Erraminta-Makinaren Museoa ireki dute. Bertan, fabrikazio mekanikoaren prozesuetan erabili diren teknologia ezberdinen sorrera eta garapena ezagutzeko aukera du bisitariak.

Museoa alde batera utzita, herriko karriketan murgilduz, eraikin ederrak ikus daitezke; Udaletxea bera eta San Bartolome eliza, barroko garaikoak biak, eta Olasoko hilerriko arkupe ikusgarria, besteak beste. Herritik kanpo, Altzola auzoan, XIX. mendeko bainuetxea topa dezakegu. 1846. urtean zabaldu zuten eta ospe handia izan zuen, ur termal eta gaziak zirela eta. Egun, auzoaren izena daraman ura botilaratzen dute.

Bestalde, abuztuaren amaieran ospatzen dituzte San Bartolome jaiak, herriko zaindariaren omenezko festak. Mauxitxa txaranga eta sokamuturra dira jaiotako protagonista nagusiak; halere, nabarmentzekoa da Txiki Eguna. Abuztuaren 25ean, alkandora zuria eta lepoan zapi gorria janzteko ohitura dute herritarrek eta elkarri ardoa botatzen diote txikiteo garaian.

Ba al dakizu... ?

Abuztuaren 25ean, eta herriko jai nagusien barnean, ohitura da txikiteo garaian elkarri ardoa botatzea.

Esteka interesgarriak