Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Gipuzkoa


Eibar

Eibar herri gipuzkoarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Eibar
  • Biztanleria: 27.414
  • Azalera: 22 Km²
  • Web: http://www.eibar.eus
  • Tursimo bulegoa:
    Oficina de turismo Eibar Debegesa
    Tel: 943 82 01 10
    correo@debegesa.com

Eibar Debabarrena eskualdean dago, Gipuzkoako mendebaldeko muturrean, eta Bizkaiarekin egiten du muga. Ego ibaiaren ertzean kokatuta, iparraldean Arrate, Akondia eta Urko mendiak ditu, eta hegoaldean, berriz, Laupago, Galdaramiño eta Llordo. Industriak eta merkataritzak pisu handia dute Eibarren, baina hirigune biziarekin kontraste handia egiten duten baserri giroko bost auzo daude: Otaola, Aginaga, Arrate, Mandiola eta Gorosta.

Eibar armaginen herria izan da, ezbairik gabe. Egun, Debabarreneko hiriburua eskualdeko herri nagusia da biztanle kopuruari dagokionez, eta bizia da oso, industriaz gain, saltoki eta merkataritzaguneak dituelako. Horrez gainera, badu monumentu historiko artistikorik ere; San Andres XVI. mendeko parrokia (Errenazimentu garaiko erretaula ederra du), Unzueta dorretxea, Marleskua jauregia eta udaletxea bera nabarmenduko ditugu, besteak beste.

Dena dela, Arrateko Amaren Santutegia da, inolako zalantzarik gabe, eibartarren lekurik gogokoena. Nabe bakarreko eliza gotikoa da eta, barruan, Ignacio Zuloaga margolariak (Eibarko semea zen) oparitutako lau margolan ikus ditzake bisitariak. Santutegiaren ondoan, zuhaitzak, mahaiak eta iturriak dituen berdegune zabala dago. Egunpasa joateko leku aproposa da Arrate, eta Urkora (793 m) eta Kalamuara (768 m) ibilalditxoak egiteko abiapuntua ere bada.

Urtean zehar, hainbat jai antolatzen dituzte Eibarren, baina festa nagusiak San Joan herriko zaindariaren omenezkoak dira. Suaren inguruan ospatzen dituzte eta inguruko herrietako jende asko joan ohi da bertara. Halere, ezin ditugu ahaztu beste bi jaiegun handi: San Blas eta San Andres. Bata otsailaren 3an ospatzen dute eta egun horretan ohikoa da San Blas opila jatea. Bestea azaroaren 30ean izaten da, eta azken urteotan entzute handia hartu du egun horretan antolatzen duten nekazaritza eta ganadu feriari esker.

Ba al dakizu... ?

Debabarreneko hiriburua eskualdeko herri nagusia da biztanle kopuruari dagokionez, eta bizia da oso, industriaz gain, saltoki eta merkataritzaguneak dituelako.

Esteka interesgarriak