Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Zeanuri

Zeanuri herri bizkaitarra
Datu orokorrak

Gorbeia (1.481 m) mendiaren babesean, han-hemenka dauden landa giroko baserriek osatzen dute Arratia eskualdeko herri txiki hau. Ezbairik gabe, Gorbeiako Parke Naturalak bihurtzen du Zeanuri erakargarri. Herriko lur gehienak naturgune paregabean daude; halere, bertako ondare historikoa ere nabarmentzeko modukoa da.

Erdigunean baserri kopuru gehien duen Bizkaiko herrietako bat dugu Zeanuri. Herri arkitekturaren adierazgarri dira baserriok, udalerriko ondare oparoaren adibide bat. Herrian barrena ibilaldia Andra Mari XVIII. mende erdialdeko elizan hasiko dugu. Hiru nabe, bost aldare, korua eta dorrea ditu tenplu ederrak. Horrez gainera, erlijio arkitekturaren barruan, Ipiñaburuko Santiago parrokia (1551. urtekoa) eta auzoetako baselizak azpimarratzekoak dira.

Halaber, badira ikusteko moduko beste zenbait eraikin ere; Akauri dorrea, Axpe jauregia eta udaletxea bera, esate baterako. Olabarri errotak eta San Justo karobiak ere gure arreta piztuko dute. Errota eraberrituta dago eta errotarien ogibide zaharra nolakoa zen azaltzen dute bertan. Karobia berriz, San Justo ermitaren ondoan dago, harizti eder batez inguratuta, Otzerimendi auzoan. Labea, geldirik dagoen arren, oso ongi gorde dute eta hala, urtero, abuztuko lehen asteburuan martxan jartzen dute.

Zeanuri ederto kokatuta dago eta bisitariak naturaz gozatzeko aukera aparta du bertan. Herria Gorbeiako Parke Naturalaren barruan dago: paisaiaren eta faunaren (oreina da animaliarik adierazgarriena) aldetik, balio handiko naturgunea dugu eta horrekin batera, mendizaleek gogoko dituzten gailurrak aurki ditzakegu han, Gorbeia mendi mitikoa tartean.

Hala, hainbat mendi-irteera egiteko abiapuntu aproposa da Zeanuri. Leku zoragarriak aurkituko ditugu inguruotan; Saldropoko hezegunea dugu horietako bat. Bisitariak interpretazio zentro bat eta zerbitzu asko dituen aisialdirako gunea aurkituko ditu. Egun pasa joateko leku ezin hobea da eta Barazar gainetik iritsiko gara bertara.

Ba al dakizu... ?

Naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du Zeanurik.

Esteka interesgarriak