Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Ubide

Ubide herri bizkaitarra
Datu orokorrak

Bizkaiko udalerririk garaiena dugu Ubide, itsas mailatik 581 metrora baitago. Lurralde historikoaren hego ekialdeko muturrean dago, Arabarekin muga egiten eta malda leuneko inguruan, 800 metrotik beherako gainek inguratuta.

Arratia eskualdeko udalerri txikiak bi auzo ditu; Magdalena eta San Joan, eta azken horretan, Zubizabal errekaren alboetan, batzen da biztanle eta zerbitzu kopuru gehien.

Erdiguneko kaleetan barrena, Behe Erdi Aroko galtzada bat aurkituko du bisitariak. Udaletxean hasi eta San Joan elizaren atariraino igotzen da. Herriak gorde duen ondarearen elementurik zaharrena da. Eliza berriz, XVI. mendekoa da eta nabe bakarra, urre koloreko erretaulak dauzkan hiru aldare eta ataria ditu.

Magdalena zubia eta ermita, udaletxea bera, Landazabal eta Latxa baserriak eta Aretxaga Etxea ere ikusteko moduko eraikinak dira. Azken etxetzar hori herriaren irteeran dago, Gasteizera bidean, eta estilo ingelesaren eragina du.

XX. mendearen hasieran diseinatu zuen Alfredo Acebal arkitektoak, su hartu zuen etxe bat zegoen lekuan. Lau mailatan banatuta dago eraikina; erdisotoa, solairu nagusia eta beste bi pisu ditu eta bertan, nabarmentzekoak dira teilatuko estalkiaren diseinu konplexua eta fatxadaren kolore gorriko egurrezko egitura.

Bestalde, Ubidek ingurune natural ederra dauka. Harizti eta pagadi autoktonoak eta errekastoen ondoetan, aisialdirako hainbat gune aurkituko ditu bisitariak. Olalde gunea esaterako, Undabe ibaiaren alboan dago, erdigunetik gertu eta mahaiak, barbakoak eta haurrentzako jolastokiak ditu.

Jai egitarauari dagokionez, Madalena eguna ospatzen dute Ubiden uztailaren 22an; hala ere, herriko jai nagusiak ekainaren 24an izaten dira, San Joanen omenez.

Ba al dakizu... ?

Arratian dago Ubide udalerri txikia.

Esteka interesgarriak