Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Sestao

Sestao herri bizkaitarra
Datu orokorrak

Triano mendien pareko lautadan eta Serantes (451 m) mendiaren babesean dago Bilboko Itsasadarraren ezkerraldeko herri hau. Sestao Bilbo Handia eskualdeko garapenaren iragana, oraina eta etorkizuna islatzen duen adibide garbia dugu.

Hasieran, arrantzaleen herrixka izan zen eta gerora, historiako liburuen arabera, Erdi Aroko azken mendeko bando-guden lekuko. Dena dela, XIX. mende bukaeran izan zuen demografia hazkunderik handiena, siderurgiari eta ontzigintzari esker. Iragan mendeko 70eko hamarkadara arte etengabekoa izan zen hazkunde hori. Garai hartan, Bizkaiko industriaren garapenean berebiziko garrantzia izan duten zenbait enpresa zabaldu zituzten: Bizkaiko Labe Garaiak eta Sestaoko Ontziola.

Egun, ontzigintza eta siderurgia, metalurgia, kimika eta arlo elektrikoarekin batera, Sestaoko ekonomiaren oinarri nagusiak dira. Jada, hainbat enpresa garrantzitsu desagertu egin dira, Bizkaiko Labe Garaiak, tartean. Halere, labe bat gorde dute, iragan horren oroigarri. Eusko Jaurlaritzak monumentu historiko izendatu du gainera.

Industriak herri honetan izan duen garrantzia alde batera utzita, Sestaok hainbat interesgune ditu bisitariarentzat. Besteak beste, nabarmentzeko modukoak dira Elizako Parkea eta bertako lorategietan topatuko dugun Gernikako Arbolaren kimua. Ingurune hori are gehiago edertzen du Santa Maria elizak, 1864an eraberritutako tenpluak.

Halaber, udaletxetik gertu, Markonzaga parkea ere leku ederra da ibilaldi atseginak egiteko. Berdegune horretako anfiteatroan gainera, hainbat kultura ikuskizun antolatzen dituzte. Camporras edo Ondejedako parkean (mahaiak, erretegiak eta haurrentzako jolastokiak dituen berdegunean) eta San Pedro plaza modernoan ere ekitaldi franko egiten dira. Sestaoarrentzat aisialdirako eremu eta topagune bilakatu dira leku horiek. Benedikta parkea berriz, Itsasadarraren ondoan dago eta handik, Portugaletera eta Santurtziko porturaino ibilbide polita egin dezakegu.

Bestalde, Sestaok ekainaren amaieran ospatzen ditu San Pedro zaindariaren jaiak eta egun nagusia hilaren 29an izaten da. Dena den, kontzertuak, herri-jokoak, kalejirak eta beste zenbait ekitaldi San Joan eguneko gauean hasten dira eta ekainaren 30era arte, etenik gabe, jai giroa nagusitzen da herrian. Horrez gainera, jai egitarauan badira azpimarratu beharreko beste hainbat festa; San Inazio, Santiago eta Santa Rosa.

Ba al dakizu... ?

Sestaok ekainaren amaieran ospatzen ditu San Pedro zaindariaren jaiak eta egun nagusia hilaren 29an izaten da.

Esteka interesgarriak