Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Otxandio

Otxandio herri bizkaitarra
Datu orokorrak

Mendiz inguratuta eta Arabarekin muga egiten, Otxandio Bizkaiko herri ederrenetako bat dugu ezbairik gabe, arkitektura-ondareari dagokionez. Plaza nagusia da lurralde historikoaren hegoaldeko muturreko herriaren erdigunea eta aipatu dugun edertasun horren adierazgarri dugu, han topa baititzakegu herriko eraikin nabarmenenak: udaletxea eta Santa Mariñe eliza, Vulcanoren iturria eta kultur etxea ahaztu barik, noski.

Monumentu nazional izendatu zuten 1742an eraikitako udaletxea eta Otxandioko eraikinik azpimarragarriena da. Harlanduz egina dago eta fatxadako hiru armarriak eta eguzki-erlojua dira eraikin honen ezaugarririk aipagarrienak. Santa Mariñe XVI. mendeko elizak berriz, dorre dotorea eta nabe errenazentista handia ditu. Handik gertu, kultur etxeak (XIX. mendekoa) eta Vulcanoren iturriak (suaren jainkoaren omenezkoa, errementaritzak herrian izan duen garrantzia gogora ekartzen du) bolatokiarekin eta frontoiarekin batera biribiltzen dute plaza horretako monumentu multzoa.

Plaza nagusitik kanpo, bisitariaren arreta piztuko duten hainbat etxe daude, Uribarrena kalean esaterako. Balio historiko handiko armarriak ikus ditzakegu bertan, eta baita antzinako ospitalea ere. Azken hori 1722an eraiki zuten herriko indiano batek (Ameriketan aberastu ondoren) emandako diru-laguntzarekin. Egun, zaharren egoitza da eraikin eder hori. Nabarmentzekoa da halaber, San Martin baseliza ere; hariztiz inguratutako baso batean dago eta soiltasun handikoa bada ere, balio historiko handia gordetzen du.

Bestalde, oso ederra da Otxandio inguratzen duen paisaia. Izan ere, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen artean dago eta horrez gainera, udalerriko lur batzuk Urrunagako urtegiari dagozkio. Hala, uretako hainbat kirol egiteko aukera dugu han; arrauna, arrantza...

Azkenik, Santa Marinaren omenez ospatzen dituzte otxandiarrek jai nagusiak. Uztailaren 18an izaten da egun handia, herriko zaindariari eskainitakoa. Festok San Bernabe Mekoleta auzoko jaiekin eta abenduan antolatzen duten nekazal azokarekin batera osatzen dute herriko jai-egitaraua.

Ba al dakizu... ?

Bizkaiko herri ederrenetako bat da Otxandio.

Esteka interesgarriak