Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Meñaka

Meñaka herri bizkaitarra
Datu orokorrak

Bizkaiko lurralde historikoko herri hau Uribe-Butroe eskualdean dago, Mungia herritik 5 kilometrora. Ametzaga, Emerando, Meñakabarrena eta Mesterika auzoek osatzen dute landa giroko udalerria eta azken hori da, hain zuzen, zerbitzu gehienak biltzen dituena.

Sollube (686 m) mendiaren magalean kokatuta daude udalerriko lur gehienak, baina, halere, Meñakak baditu lautadak. Horiei esker garatu da nekazaritza herrian, eta, sektore horri oso lotuta, XVI. eta XIX. mendeen artean eraikitako baserri ugari daude inguruotan. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Otuna etxe dotorea eta Beletakoerrota eta Jauregi, hurrenez hurren egur-labea eta antzinako errota dituzten baserriak.

Meñakak azpimarratzeko moduko ondare historiko eta artistiko aberatsa du. Andra Mari baselizan, Meñakabarrena auzoan, hasiko dugu ibilbidea. XVI. mende hasierako tenpluak angeluzuzeneko oinplanoa du. Harlangaitzezko hormak ditu eta ertzak berriz, harlanduzkoak. Antza denez, hauxe da Meñakako jatorrizko parrokia, izan ere, inguruan VII. eta VIII. mendeko hilobi asko topatu baitzituzten. Hobi horien hilarri batzuk gainera, ermitaren hormetan zeuden. Santillandi Mesterikako ermitan, beste hainbat hilarri ere agertu ziren; baina, zalantza barik, Mesterikako burua izeneko eskultura bat da aurkikuntzarik aipagarriena. Emakume baten bustoa omen da, eta, egun, Bilboko Etnografia Museoan dago. Herri zeltikoek eta erromanikoek erabiltzen zuten hilobi-eskultura mota bat ei da, adituen arabera.

Ingurune natural ikusgarriak txango atseginak egiteko parada eskaintzen digu. Sollube mendirako igoera, esate baterako, bide egokia da oinez edo mendiko bizikletaz egiteko.

Bestalde, abuztua guztiz aproposa da herria ezagutzeko. Izan ere, aberastasun kulturalaz eta naturalaz gozatzeaz gain, hilabete honetan ospatzen dituzten San Roke eta San Lorentzo jaiak gertutik bizi ahal izango ditugu.

Ba al dakizu... ?

Sollube mendiaren magalean dago Meñaka.

Esteka interesgarriak