Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Bizkaia


Gernika-Lumo

Gernika-Lumo herri bizkaitarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Gernika-Lumo
  • Biztanleria: 16.763
  • Azalera: 18,4 Km²
  • Web: http://www.gernika-lumo.net
  • Tursimo bulegoa:
    Artekale, 8
    48300 Gernika-Lumo (Bizkaia)
    Teléfono: 94 625 58 92
    Fax: 94 625 32 12
    turismo@gernika-lumo.net

Euskaldunon eskubideen eta bakearen sinbolo bihurtu den herriak ezaugarri asko ditu jendea erakartzeko. Bizkaira iristen diren turistek bisitatu beharreko lekua da Gernika-Lumo, ezbairik gabe. Busturialdea eskualdean kokatuta, historia handia duen herri bizia da; batetik, ondare arkitektoniko aberatsa du eta bestetik, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, hareatza zabalek osatzen duten naturgune paregabean, ibilaldiak egiteko abiapuntu aproposa da oso.

Foruen enparantzan hasiko dugu herrian barrena txangoa. Plazaren erdian, On Tello 1366an hiribildua fundatu zuen kondeari eskainitako monumentua dago. Horrez gainera, Udaletxea bera eta, parean, lehengo epaitegiaren eraikina, egun Bakearen Museoa hartzen duena, nabarmendu behar ditugu han. Museo horrek 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasan zuen bonbardaketa dakar gogora, eta bide batez, bakearen kultura hedatzea du helburu. Hala, 2003an, Bakearen Hiria saria jaso zuen UNESCOren eskutik eta Hiri Martirien Munduko Elkarteko kide da.

Plazan bertan, eskailera batzuk igoko ditugu udalerriaren goiko aldera joateko. Eskuinera, Santa Maria eliza ikusiko dugu. Tenplu gotiko eder honek 1889ko Walcker organo bikaina dauka barruan. Elizaren atzeko aldean berriz, Alegria jauregia, Euskal Herriaren Museoaren egoitza, dago. Euskal Herria eta bere historia ezagutaraztea da museo horren xedea.

Handik oso hurbil, Europako Herrien parkea azpimarratuko dugu. Parke ederra da, begien gozamenerako, eta zuhaitz eta zuhaizka mota ugari ditu. Berdetasunaren erdian, aire librean dauden bi eskultura handi dakusagu: "Gure aitaren etxea" eta "Large figure in a shelter" (Figura handia babeslekuan) Eduardo Chillidaren eta Henry Mooren lanak, hain zuzen.

Parketik, Gernikako Batzar-Etxea ikus daiteke. Egun, Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak egiten dituzte bertan. Eraikinaren ondoan, Gernikako zuhaitz mitikoa, euskal foruen eta askatasunen ikurra, dago. Arbola horren azpian idatzi zituzten, hain zuzen, Bizkaiko Legeak 1876ra arte.

Ezin dugu herritik alde egin asteroko merkatua ikusi gabe. Bizkaiko garrantzitsuenetakoa dugu eta astelehenero, merkatuko usain, kolore eta hotsetan murgiltzen dira saltzaile eta erosleak. Urrian, gainera, azoka bereziak egiten dituzte: hilabete horretako aurreneko astelehenean, ganadu-feria egiten dute eta azkenekoan berriz, Gernikako azken astelehen ospetsuan, nekazaritza-produktuena. Egun horretan, Euskal herri guztitik etorritako jendea batzen da Gernika-Lumon.

Ba al dakizu... ?

Astelehenero merkatua egiten da Gernika-Lumon. Urriko azken astelehenean merkatua berezia izaten da eta milaka pertsona gerturatzen dira udalerrira.

Esteka interesgarriak