Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Araba


Vitoria-Gasteiz

Vitoria-Gasteiz hiri arabarra
Datu orokorrak

Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburua da Gasteiz. Lurralde historikoaren erdigunean dago eta EAEko organo instituzional garrantzitsuenak bertan daude: Lehendakaritza Ajuria Enean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza Lakuan eta Eusko Legebiltzarra. Hala, Gasteiz jarduera administratiboaren erdigune da.

Horrez gainera, hiri monumentala dugu. Hirigune historikoa, esaterako, Monumentu Multzo izendatu zuten 1997an. Trazatu gotikoa eta karrika estuetan barrena dauden etxetzar eta jauregiak ederki asko gorde ditu hiriak urteen joan-etorrian. Alde zaharrean dauden lau elizen dorreak nabarmentzen dira bertan: Santa Maria katedrala edo katedral zaharra, hirigunearen goiko aldean topatuko dugun eliza; San Pedro eta San Bizente elizak, eta San Migel parrokia. Azken horretan gurtzen dute Andre Maria Zuria, Gasteizko zaindaria.

Amabirjinaren izena daraman plaza San Migel elizaren azpian dago. Gasteiztarren eguneroko bizitzaren erdigune dugu, eta gainera, oso leku ezaguna da; izan ere, Andre Maria Zuriaren jaiak bertan hasten dira abuztuaren hasieran, Zeledonen jaitsierarekin. Plaza Berria, 1984an monumentu artistiko-historiko izendatu zuten enparantza, handik oso gertu dago. Arkupez inguratuta dago udaletxea hartzen duen plaza eta bertan hasten da zabalgune neoklasikoa. Handik abiatuta oinezkoentzako kaleak aurkituko ditu bisitariak eta horietan merkataritza giro bizia egon ohi da.

BERDEGUNE HANDIAK

Hirigintza eta ingurumena ongi uztartzen jakin du EAEko hiriburuak. Estatuan inguru berde gehien duen hirietako bat da Gasteiz, biztanle bakoitzeko 40 metro karratuko gune berdea baitago aisialdirako. Erdigunetik kilometro gutxira daude Gasteizko eraztun berdea osatzen duten lau naturguneak; Olarizu, Armentia, Salburua eta Zabalgana. Hirigunea eta landagunea lotzeko balio dute, eta ekologiaren eta paisaiaren aldetik garrantzi handia dute.

Bestalde, kultura eskaintza zabala dago Gasteizen. Kultur etxe eta museo ugari daude, tartean Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa. Egitarau oparoan hainbat kultura-jarduera azpimarratzeko modukoak dira; Euskal Zinemaren Astea, Udaberriko Artisautza Azoka eta Nazioarteko Jazz Jaialdia, esate baterako.

Ba al dakizu... ?

Vitoria-Gasteizko alde zaharrean Karta museoa dago. Gaur egun 15.000 karta baino gehiago daude bertan eta munduko handiena da.

Esteka interesgarriak