Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Araba


Oyón-Oion

Oion herri arabarra
Datu orokorrak

Arabako lurralde historikoaren hegoaldean dago Oion, Biasteri-Arabako Errioxako Koadrilaren barruan, Nafarroatik eta Errioxatik oso gertu. Hiru herrik osatzen dute udalerria, Gorrebustok, Labrazak eta Oionek. Azken hori dugu udalerriko auzoburu, bertan baitaude zerbitzu gehienak.

Oion herriko kaleetan, armarridun eraikin dotoreak ikus ditzakegu, Portuko markesaren eta Buretako kondearen jauregiak esaterako. Jasokundeko Andre Mariaren eliza ere deigarria da oso. XV. eta XVI. mendeen artean eraikitako portada gotiko ikusgarria du. Elizaren dorrea ere bikaina da eta "El Giraldón" deitzen diote.

Bestalde, Labrazan nabarmentzeko modukoa da herrixka inguratzen duen harresia. Muino baten gainean eraiki zuten Erdi Aroko herritxoa. Harresiaren barruan, karrika estuei jarraiki, San Migel elizara iritsiko da bisitaria. Tenpluaren hormetako batek harresia osatzen zuen. Azkenik, Gorrebuston, armarridun etxeak eta Arabako Errioxako elizarik berriena (XIX. mendea) aurkituko ditugu.

Jai egitarauari dagokionez, Oioneko festa nagusiak abuztuan ospatzen dituzte. Hala ere, urtean zehar bestelako ospakizunak ere egiten dira herrian, besteak beste, urtarrilaren 22an San Bixente eta San Anastasioren omenez egiten dituzten jaiak.

Ba al dakizu... ?

Herri arabar hau Nafarroatik eta Errioxatik oso kilometro gutxira dago.

Esteka interesgarriak