Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

Tokiko Direktorioa


Udalerriari buruzko informazioa

Herrialdeen estatistika informazioa Eustat.

Araba


Artziniega

Artziniega herri arabarra
Datu orokorrak
  • Izen ofiziala: Artziniega
  • Biztanleria: 1.829
  • Azalera: 27,4 Km²
  • Web: http://www.artziniegakoudala.com
  • Tursimo bulegoa:
    Cuesta de Arteko, 12 (Museo etnográfico)
    01474 Artziniega

Herri eder hau Aiarako Koadrilan dago, Arabako ipar-ekialdean, hain zuzen. Zazpi auzok osatzen dute 600 metro inguruko hainbat mendik babesten duten udalerria eta Artziniega herria du auzoburu.

Hiribilduak Erdi Aroko kutsua du, eta, alde zaharreko karrika estuetan barrena, atzera egingo dugu denboran; izan ere, Artziniegako alde historikoa monumentu-multzo izendatu zuten 1995ean. Bertan, hiru kale nagusi daude paraleloan (Goiko kalea, Erdiko kalea eta Beheko kalea) eta kantoi estuei jarraiki helduko gara batetik bestera. Hainbat estilotako eraikin eder asko topatuko ditugu Artziniegan, eta horien artean hauek nabarmenduko ditugu: Artziniega dorrea, ate klasizista duen jauregitxo errenazentista, Moja Agustindarren komentua eta antzinako udaletxea, XIX. mendekoa. Erdigunetik gertu, altxor bikaina dago: Arteako Andre Mariaren santutegia. Kanpoaldean, lau arkudun atari dotorea du, eta, barruan, berriz, XVI. mendeko erretaula nagusia, estilo hispaniar-flamenkoa duena.

Erdi Aroan zehar bidaia egin ostean, Museo Etnografikoa bisita dezakegu. Gizakiaren omenez sortu zuten eta eraberritutako eraikin historiko batean dago. 17 areto ditu eta horietan eskualdeko biztanleen bizimodua (bai landa giroan, bai hirigunean) nolakoa den erakusten dute.

Horrez gain, naturaz eta kirolaz gozatzeko toki aparta da; izan ere, txango luzeak egin ditzakegu oinez, bizikletaz edo zaldiz inguruko bide eta pistetan. Gainera, kirol-azpiegitura handia du herriak, eta, horri esker, jarduera asko egin ditzakegu.

Herriko jaiak irailaren hasieran ospatzen dituzte Arteako Andre Mariaren omenez, eta orotariko ekitaldiak topatuko ditugu egitarauan: kontzertuak, pilota-partidak eta pintura-lehiaketak, besteak beste. Bestalde, iraileko lehen igandean antolatzen duten Antzinako Merkatua aipatu behar dugu, oso garrantzitsua baita. Egun horretan, herriko bizilagunek Erdi Aroko arropak jantzi eta XV. mendeko lanak erreproduzitzen dituzte.

Ba al dakizu... ?

Museo etnografikoa gizakiaren omenez sortu zuten eta birgaituriko eraikin historiko batean dago.

Esteka interesgarriak