Cookie erabilera: Webgune honetan cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu estadistika datuak batzeko eta zure nabigazioa hobea izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, instalatzea eta guk horiek erabiltzea onartuko duzu. Konfigurazioa aldatu edo argibide gehiago eskuratu dezakezu, Cookie politikan. | Itxi
Esp | Eus

EUDEL

Euskadiko Udalen Elkartea - Asociación de Municipios Vascos (EUDEL)

Estatutuak eta Araudia



Estatutuak

EUDELen estatutuak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen oinarrizko erakunde-arau dira, eta beraiek agintzen dituzte bai erakunde honek hirugarrenen aurrean duen funtzionamendua bai kideek dituzten eskubideak eta beharkizunak zein euren arteko harremanak. Estatutuen egitura eta edukiak honakoak dira:

XEDAPEN OROKORRAK

1. Artikulua

Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos izena duen elkartea Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen eraginpean dago, eta Estatutu hauetan aurreikusitako helburuak lortzeko borondatez bat egiten duten udalerri guztiek osatzen dute. Bere jarduera Euskal Herrian gauzatzen du batez ere. 

2. Artikulua

Elkartea Estatutu hauen eta Gobernu Organoek hartutako erabakien arabera arautuko da, eta, modu osagarrian, lehen adierazitako 7/2007 Legearen eta hura garatzeko onartzen diren erregelamenduzko xedapenen arabera. 

EGOITZA

3. Artikulua

Elkartearen helbide soziala Gasteizeko Manuel Iradier kaleko 7. zenbakiko 2. solairuan dago. Dena den, Elkartearen kide anitzeko organoen bilkurak EAEko edozein lekutan egin ahal izango dira. 

IRAUPENA

4. Artikulua

Elkartearen iraupena mugagabea da. 

HELBURUAK

5. Artikulua

Elkarteak honako helburu hauek ditu:

  • Tokiko autonomia sustatzea eta defendatzea.
  • Tokiko demokrazia eta herritarrek tokiko politiketan duten partaidetza sustatzea eta babestea.
  • Udal kideen interes orokorrak instituzio publikoen, gizarte-eragileen eta euskal gizartearen beraren aurrean defendatzea eta batera ordezkatzea.
  • Udalen eskumenen esparruan edo interesetan eragina dutenean, arauak egiteko aurreikusitako prozeduran esku hartzea.
  • Tokiko instituzioen lankidetza bultzatzea, eskubide zein aukera berdintasunaren ikuspegitik eta herrialde-ikuspegi orokorretik giza garapen iraunkorraren aldeko politika publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Tokiko instituzioen arteko jarduketa bateraturako proiektuak sustatzea beste instituzio batzuekin eta, horretarako, Euskadiri zein atzerriari lehentasuna ematea.
  • Elkartearen jarduketa-arloan bertan, erakunde arteko lankidetza sustatzea.
  • Balio demokratikoak, aniztasunaren defentsa, elkarbizitza eta giza eskubideak bultzatzea.
  • Herritarren eskubide eta aukera berdintasuna sustatzea.
  • Euskararen berreskurapena, normalkuntza eta erabilera bultzatzea.
  • Euskadiko udalen artean, espiritu europarra eta nazioarteko lankidetza sustatzea eta garatzea, eta, horretarako, Europako zein nazioarteko erakundeetan dauzkan partaidetza nahiz ordezkaritza bultzatzea eta hobeto garatzea.
  • Esperientziak trukatzeko, prestakuntza sustatzeko eta aholkularitzarako zein babeserako zerbitzuak eskaintzeko guneak sortzea eta artatzea. 

6. Artikulua

Helburu horiek lortzeko, Elkarteak:

  • Kasuan kasuko ekintza-planak eta egitura organikoak ezarriko ditu.
  • Tokian tokiko gaiei buruzko informazio-trukea, hausnarketak eta jarrerak sustatuko ditu.
  • Prestakuntzarako, aholkularitzarako eta laguntzarako zerbitzuak sortuko ditu kargu politikoentzat nahiz udaletako langileentzat.
  • Bilerak, mintegiak eta biltzarrak antolatu, eta horietan parte hartuko du.
  • Elkarteko kideak botere publikoen aurrean ordezkatuko ditu, udal kide bakoitzaren autonomiarako eskubideari eta haren erabilerari inolako kalterik egin gabe.
  • Informazioa, argitalpenak eta informazio-agiriak eskuratzeko eta trukatzeko sistemak bultzatuko ditu.
  • Lankidetzarako harremanak ezarriko ditu udalen beste elkarte batzuekin, baina, batez ere, Estatutu hauetako 1. artikuluan zehaztutako arloan dihardutenekin.
  • Behar den moduko plana ezarriko du, barruko nahiz kanpoko jakinarazpenetan euskara erabiltzen dela bermatzeko.
  • Genero Berdintasunerako Plana ezarriko du.

 6 bis. Artikulua

  1. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak behar besteko konpromisoa hartzen du, Euskadiko hautetsien jokabidean ohorea eta printzipio zein jarrera etikoak nagusi izan daitezen, gobernu onaren zein kalitate instituzionalaren printzipioak bete daitezen, barruko demokrazia errespetatu dadin, udalen partaidetza sustatu dadin eta haien kudeaketa nahiz erabaki-prozesuak gardenak izan daitezen.
  2. Modu berean, EUDELek behar besteko konpromisoa hartzen du, barruko erabakiak hartzen direnean ahalik eta adostasun handiena bilatzeko.
  3. EUDELeko kidetzak ez du udal kideen autonomia mugatuko. 

ELKARTEKO KIDEAK

7. Artikulua

  1. Elkartea bazkide osoz eta bazkide laguntzailez osatuta dago. Atxikitako udalak bazkide osoak izango dira. Elkartera atxikitako mankomunitateak, elkarteak, tokiko erakunde txikiak eta tokiko gainerako erakundeak bazkide laguntzaileak izango dira.
  2. Bazkide osoek eta laguntzaileek euren presidentearen edo horretarako izendatutako zinegotziaren bitartez esku hartuko dute elkartean.

8. Artikulua

  1. Hona hemen bazkide osoen eskubideak eta betebeharrak:
    • Elkartearen estatutu hauek eta bertako gobernu-organoek hartutako erabakiak betetzea.
    • Batzar Orokorraren bileretara joatea eta, bertan, hitza zein botoa edukitzea. Era berean, oro har deitutako bilera eta ekitaldi sozial guztietara joatea.
    • Hautespenpeko gobernu-karguak betetzea.
    • Zehaztutako kuotak ordaintzea. Elkarteko organoetako bozketetan parte hartzeko, udal bazkideak kuoten ordainketa izan beharko du egunean, edo ordainketa hori Batzorde Eragilearen erabakiaren bidez edukiko du geroratuta. 
    • Elkarteko plan, programa eta jardueretan parte hartzea.
  2. Euren helburuei dagokienez, bazkide laguntzaileek elkarteko zerbitzuen aholkularitza eta bertako ekitaldiei buruzko unean uneko informazioa jasotzeko eskubidea izango dute. Gainera, elkarteak ematen dizkien zerbitzuen ezaugarrien arabera batzarrak zehaztutako kuotak ere ordaindu beharko dituzte. 

9. Artikulua

Bazkidea izateari utziko zaio:

a) Bazkideak halaxe erabakitzen duenean.

b) Batzorde Eragileak eskatu arren, kuotak zehaztutako epean ordaintzen ez direnean. Lehenago, ordea, kasuan kasuko espedientea bideratuko da, bertan entzunaldia eskainiko zaio bazkideari eta erabakia arrazoitu beharko da.

c) Batzorde Eragileak halaxe erabakitzen duenean, bazkideak behin eta berriro egindako hutsegite larriengatik. Lehenago, ordea, kasuan kasuko espedientea bideratuko da, bertan entzunaldia eskainiko zaio bazkideari eta erabakia arrazoitu beharko da.

GOBERNU ORGANOAK

10. Artikulua

  1. Honako hauexek dira Elkarteko organoak:
    • Batzar Orokorra.
    • Batzorde Eragilea.
    • Lurralde Batzordeak.
  2. Zenbait erakundetako ordezkariak izendatzeko erabakiak hartzen dituztenean, Elkarteko gobernu-organoek oso kontuan hartuko dute izendatu beharreko ordezkariak organismo horretako jarduerarako eta jarduketa-arlorako egokiak diren ala ez. Kasu bakoitzean, honako hauxe kontuan hartuko da gutxienez: aukera politikoek udalean duten ordezkagarritasun instituzionala, izendapenaren helburu den erakundeko jarduketa-arloen ezagutza, izendatu beharreko ordezkariaren udalaren tipologia, genero-parekotasuna eta hizkuntza ofizialen ezagutza.
  3. Elkarteak erakundeetan dituen ordezkariek Elkarteko organoetan ebatzitako irizpideen arabera jokatuko dute, eta irizpide-batasuna izango dute erabakiak hartzeko orduan.
  4. Elkarteko gobernu-organoek eta udalen sareek egindako bilera guztietako aktak egingo dira. Bertan, honako hauxe adierazi beharko da: bilerako agerraldien laburpena, hartutako erabakiak eta aurkako adierazpenak. Gainera, berariaz eskatuz gero, elkarteko bazkideei ere jakinarazi beharko zaie.

BATZAR OROKORRA

11. Artikulua

Batzar Orokorra da Elkartearen organo nagusia eta bazkide guztiek osatzen dute. 

12. Artikulua

Hona hemen Batzar Orokorraren eskumenak:

  • Elkartearen estatutuak onartzea eta aldatzea.
  • Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariak aukeratzea, haien kudeaketa kontrolatzea eta, hala badagokio, ezohikotasunez ezeztatzea, estatutu hauetan zehaztutako arauak kontuan hartuta.
  • Urteko Jarduketa Plana onartzea. Bertan, aparteko atala agertu beharko da 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten udalentzako jarduketetarako.
  • Aurrekontuak eta kontu orokorrak onartzea. Bertan, elkarteko langile finkoen lanpostuen zerrenda agertuko da, bai eta aldi baterako kontratazioen aurreikuspenak eta ordainsarietan ezarri beharreko arauak nahiz irizpideak ere.
  • Batzorde Eragileak eta Lurralde Batzordeek aurreko ekitaldian garatutako kudeaketa onartzea. Kudeaketari buruzko txostenean, batzarrak urte horretarako onartutako Urteko Jarduketa Planean zer bete den zehaztu beharko da, baita ekitaldiko ordainsariei, bertaratzeagatiko dietei eta kalte-ordainei buruzko datuak ere.
  • Barne Araubideari buruzko araudiak onartzea.
  • Hala badagokio, elkartea desegitea.
  • Elkarteko arduraldi osoko edo mugatuko gobernu-organoetako ordezkarien ordainsariak onartzea, baita honako hauek zehazteko irizpideak ere: bertaratzeagatiko dietak eta elkarteko jardueretan parte hartzean edo lan egitean Batzorde Eragileko edo Lurralde Batzordeetako kideek garraioaren eta mantenuaren arloan dituzten gastuak.
  • Legeen edo estatutuen arabera duen beste edozein garatzea. 

13. Artikulua

  1. Batzar Orokorrak ohiko eta ezohiko bilerak egingo ditu.
  2. Batzarrak ohiko bilera egingo du urtean behin; eta ezohikoa, Batzorde Eragilearen ustez beharrezkoa denean edo bazkide osoen bostenek edo euren botoen bidez bazkide guztien botoen bostena daukaten bazkideek eskatzen dutenean.
  3. Bileretarako deia hilabete lehenago egingo dira, gutxienez.
  4. Ohiko eta ezohiko batzarra behar bezala eratzeko, bazkide oso gehienak egon beharko dira lehenengo deialdian; eta, ordu erdi geroago deitutako bigarrenean, bazkide osoen herenak. Kopuru horretara iritsi ezean, batzarra bertan behera utzi, eta deialdi berria egingo da.

14. Artikulua

  1. Nola Ohiko Batzarrerako hala Ez Ohiko Batzarrerako, deialdiarekin batera, landuko diren Gaien Zerrenda aurkeztuko da, betiere Batzorde Eragileak onartuta. Bertan, nahitaez bildu beharko da gutxienez bazkide osoen bostenak edo beren botoez bazkide guztien botoen bostena lor dezaketen bazkideen kopuru jakin batek eskatutako edozein gai, betiere Elkartearen helburuei badagokie.
  2. Batzarrak Gai Zerrendako gai guztiak aztertu eta erabakiko ditu. 

15. Artikulua

  1. Oro har, emandako botoen hiru bosteneko gehiengoaz hartuko dira erabakiak.
  2. Bazkideen boto guztien erabateko gehiengoak alde emandako botoa beharko da, gobernu-organoen izendapena ezeztatu ahal izateko.
  3. Emandako botoen bi herenen edo lau bostenen boto kualifikatua lortu beharko da, Estatutuak aldatzea edo Elkartea desegitea erabakitzeko, hurrenez hurren.
  4. Bazkideek ez dute euren botoa eskuordetzerik izango.

16. Artikulua

Bazkide titular bakoitzak batzarrean edukiko dituen botoak honako eskala honen araberakoak izango dira:

  • 1.000 biztanlerainoko udalak: boto 1
  • 1.001-2.000 biztanlekoak: 2 boto
  • 2.001-3.000 biztanlekoak: 3 boto
  • 3.001-5.000 biztanlekoak: 4 boto
  • 5.001-10.000 biztanlekoak: 5 boto
  • 10.001-20.000 biztanlekoak: 10 boto
  • 20.001-50.000 biztanlekoak: 15 boto
  • 50.001-100.000 biztanlekoak: 20 boto
  • 100.001-150.000 biztanlekoak: 25 boto
  • 150.000 biztanletik gorakoak: 30 boto

BATZORDE ERAGILEA

17. Artikulua

  1. Elkarteburuak, bi elkarteburuordek eta hamabi kidek osatuko dute Batzorde Eragilea, eta bazkide titularren ordezkariak izan beharko dira.
  2. Zerrenda itxien bidez hautatuko dituzte.
  3. Zerrenda itxi bakoitzean, emakumeen eta gizonen osaera orekatua egon beharko da, zerrenda osoan sexu bakoitzeko kideen kopurua gutxienez %40koa izan dadin. Era berean, bost postuko tarte bakoitzean ere eutsi beharko zaio proportzio horri.
  4. Zerrenda itxi bakoitzean, 2.500 biztanletik beherako udaletako ordezkaria den hautagaia agertu beharko da derrigorrean lau hautagaiko tarte edo frakzio bakoitzean, betiere, zerrenda aurkezten duen alderdiak, koalizioak edo taldeak biztanle-kopuru horretako udalen bateko alkatetza lortu badu.
  5. Postuak proportzioan banatuko dira zerrenden artean, eta, horretarako, hauteskunde-kozienteko zein hondar handieneko sistema erabiliko da.
  6. Hala badagokio, zerrendako hurrengo pertsonak edo pertsonek beteko dituzte postu hutsak.
  7. Boto gehien lortu dituen zerrendako burua izango da elkarteburua. Lehen eta bigarren elkarteburuordeak 2. eta 3. zerrendetako buruak izango dira, hurrenez hurren, betiere, emandako botoen %15en babesa lortu badute. Hala ez bada, %15 gainditu duten zerrendetakoak izango dira elkarteburuordeak.
  8. Nolanahi ere, boto guztien lau bosten lortzen dituen edozein hautagaitzatako kideak hautatu ahal izango dira. 

17 bis. Artikulua

Bere ekimenez edo, gutxienez, bazkide titularren %8k eskatuta, Batzorde Eragileak hautagaitza independenteek gobernatutako udaletako ordezkari bat gonbidatuko du, Elkarteko arauen ondorioz ordezkaritzarik lortu ez badute. Hartara, bertan parte hartu ahal izango du, zenbait gairi buruzko azterketa egin eta erabakiak hartzen direnean.

Partaidetza bazkide titularren eskaeraren ondorioz sortu denean, honako hauxe adierazi beharko da bertan: jorratu nahi duten udal-eskumenpeko gaia, bazkide titularren sinadura eta bazkide eskatzaileek izendatutako pertsonaren datuak. Pertsona horrek hitza izango du, baina botorik ez.

18. Artikulua

Legezko agintaldia betetzeagatik udalak eurak berritzen direnean berrituko da Batzorde Eragilea. Horretarako, Batzar Orokorra egingo da udalak eratzeko zehaztutako legezko azken egunetik zenbatzen hasita hiru hilabetetik gorakoa ez den epean, betiere, hauteskunde-errekurtsorik egon bada. 

Era berean, berriztapen-prozesuagatik ere berrituko da Batzorde Eragilea, Estatutuetako 15.2. artikuluan eta Batzorde Eragileko kideak hautatzeko arauetan xedatutakoa kontuan hartuta.

Agintaldian sortu daitezkeen postu hutsak zuzenean beteko ditu, betiere, berariaz uko egiten ez badio, postu hutsa betetzen duen zerrendako hurrengo pertsonak edo ordezkoak, hala badagokio. 

19. Artikulua

Batzorde Eragilea elkarteburuak erabakitzen duenean edo batzorde horretako kideen bosten batek gutxienez eskatzen duenean bilduko da. Nolanahi ere, gutxienez urtean sei aldiz bilduko da.

20. Artikulua

  1. Honako hauexek izango dira Batzorde Eragilearen eginkizunak:
    • Batzar Orokorraren erabakiak betearaztea.
    • Elkartea zuzentzea eta administratzea, bere helburuak bete ditzan.
    • Instantzia politiko eta administratiboekin harremanetan egotea.
    • Lurralde Batzordeetako lanak koordinatzea.
    • Euskalduntzeko Plana egitea eta bete egiten dela bermatzea.
    • Genero Berdintasunerako Planak egitea eta bete egiten direla bermatzea.
    • Azterketak eta argitalpenak orientatzea.
    • Ondarearen administrazioa zuzentzea.
    • Elkartearen zerbitzura dauden langileen politika zuzentzea. Batzarrari elkarteko lanpostuen zerrendaren proposamena aurkeztea eta aurreikusita ez dauden egoerei aurre egiteko aldi baterako kontratazioei buruzko erabakiak hartzea. Urteko lehenengo batzar orokorrean horren berri ematea.
    • Bazkide berriak atxikitzeko eskabideari egoera formala ematea.
    • 9.b eta c artikuluetan adierazitakoaren arabera, bazkide-izaera galtzeko espedientea bideratzea.
    • Elkarteak berak izendatu behar dituenean, erakunde horietako udal-ordezkariak izendatzea, 22. artikuluan xedatutakoari inolako kalterik egin gabe.
  2. Batzorde Eragileak azterketa-taldeak sortu beharko ditu, Elkartearen helburuekin lotutako gaiei buruzko txostenak eta irizpenak egiteko.
  3. Batzorde Eragileak bertaratutakoen hiru bosteneko gehiengoaz hartuko ditu erabakiak.
  4. Erabakirik egonez gero, Batzorde Eragileko edo Lurralde Batzordeetako kideen herenek txostenak edo irizpenak egiteko eskatu ahal izango dute, gobernu-organoek errazago erabaki dezaten. Ondorio horietarako, helburua eta irismena zein diren azaldu beharko da eskabidean.

21. Artikulua

Elkarteburuak legezko ondorio guztietarako ordezkatzen du Elkartea. Era berean, Batzarraren eta Batzorde Eragilearen bileretarako deialdia egiten du, bileren burua da, eta bilerak zuzentzen ditu; halaber, bere eskumenetako batzuk Batzorde Eragileko ordezkarien esku utz ditzake. 

LURRALDE BATZORDEAK

22. Artikulua

  1. Lurralde bakoitzean, Batzorde bat eratuko da, Estatutu hauetan eta Batzar Orokorrean xedatutakoa kontuan hartuta.
  2. Lurralde Batzordeen funtsezko eginkizuna izango da udalen interesak kasuan kasuko lurraldeko organoen aurrean defendatzea, Batzar Orokorrean eta Batzorde Eragilean onartutako irizpide orokorrak kontuan hartuta. Era berean, Lurralde Batzordeak Batzorde Eragilearen aholkularitza-organoak ere izango direnez, euren ustez egokiak diren txostenak eta proposamenak egin eta goragoko organoei bidali ahal izango dizkiete.
  3. Lurralde Batzordeek bederatzi kide izango dituzte, lurralde bakoitzeko bazkide titularrek zerrenda itxien bidez hautatuko dituzte eta postuak euren artean banatuko dituzte proportzioan, hauteskunde-kozienteko zein hondar handieneko sistemaren bidez.
  4. Zerrenda itxi bakoitzean, emakumeen eta gizonen osaera orekatua egon beharko da, zerrenda osoan sexu bakoitzeko kideen kopurua gutxienez %40koa izan dadin. Era berean, bost postuko tarte bakoitzean ere eutsi beharko zaio proportzio horri.
  5. Zerrenda itxi bakoitzean, 2.500 biztanletik beherako udaletako ordezkaria den hautagai bat agertu beharko da derrigorrean lau hautagaiko tarte edo frakzio bakoitzean, betiere, zerrenda aurkezten duen alderdiak, koalizioak edo taldeak biztanle-kopuru horretako udalen bateko alkatetza lortu badu.
  6. Hala badagokio, zerrendako hurrengo pertsonak edo pertsonek edo, hala badagokio, ordezkoek beteko dituzte postu hutsak.
  7. Lurralde Batzordeek euren lurralde-eremuko gaiei buruzko erabakiak hartu ahal izango dituzte, betiere, Batzorde Eragilearen eskuordetzea badute.
  8. Lurralde Batzordeek Elkarteak lurralde bakoitzeko organoetan dituen ordezkariak izendatuko dituzte, ordezkaritza lurralde-eremu horretara mugatzen denean. 
  9. Lurralde Batzordeak Batzorde Eragilea berritzen denean berrituko dira, hautespen horretarako arauak kontuan hartuta. 

22 bis. Artikulua

Bere ekimenez edo, gutxienez, lurraldeko bazkide titularren %12k eskatuta, Lurralde Batzordeak hautagaitza independenteek gobernatutako udaletako ordezkari bat gonbidatuko du, Elkarteko arauen ondorioz ordezkaritzarik lortu ez badute. Hartara, bertan parte hartu ahal izango du, zenbait gairi buruzko azterketa egin eta erabakiak hartzen direnean.

Partaidetza bazkide titularren eskaeraren ondorioz sortu denean, honakoa adierazi beharko da bertan: jorratu nahi duten udal-eskumenpeko gaia, bazkide titularren sinadura eta bazkide eskatzaileek izendatutako pertsonaren datuak. Pertsona horrek hitza izango du, baina botorik ez. 

UDAL-SAREAK

22 ter. Artikulua

  1. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak udal-sareen eraketa sustatu eta bertan parte hartu ahal izango du, Estatutu hauetan zehaztutako helburuen esparruan Batzorde Eragileak horretarako hartutako erabakiaren bitartez.
  2. Barne-antolakuntzarako autonomia izango dute, eta Batzorde Eragileak berak haien jarduerari buruzko arauak eta erabakiak onartu beharko ditu.
  3. Elkarteko aurrekontuetan, kontuen egoeretan, jardueren urteko memorian eta urteko kudeaketa-planean, eratutako sare bakoitzerako atal edo sekzio berezia agertu beharko da. 
  4. Kontzeptu guztiengatik, sare zehatza eratzean, abian jartzean, artatzean eta sustatzean sortzen diren diru-sarrerak sare horretako gastuekin baino ez dira egongo lotuta.
  5. Euskadiko udalak udal-sare batera edo batzuetara atxiki ahal izango dira, eta Batzorde Eragileak horretarako zehaztutako erabaki arautzaileetan adierazitako eskubideak eta betebeharrak hartu beharko dituzte euren gain.
  6. Batzorde Eragilearen erabakiz, udal-sare berriak sortu ahal izango dira Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

ERREGIMEN EKONOMIKOA

23. Artikulua

  1. Honakoak izango dira Elkartearen baliabideen iturria:
    • Bazkideen kuotak.
    • Elkarteko ondarea kudeatzean lortutako etekinak.
    • Behin-behineko diru-sarrerak edo diru-laguntzak.
  2. Batzar Orokorrak urteko kuotak onartuko ditu, eta berdintasunezko banaketarako irizpideen arabera zehaztuko du zein den haien zenbatekoa.

24. Artikulua

Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariek asistentziengatiko dietak eta garraio zein mantenu gastuengatiko ordainak jaso ahal izango dituzte, Batzorde Eragileak proposatuta, Batzar Orokorrak zehaztutako irizpideen arabera. Dena dela, ordezkari horiek ez dute inolaz ere asistentziengatiko dietarik jasoko, euren udalean arduraldi esklusiboko ordainpeko araubiderik badaukate. 

25. Artikulua

Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariek kargurako arduraldiagatiko ordainsariak jaso ahal izango dituzte, betiere, euren udalean arduraldi esklusiboko ordainpeko araubiderik ez badaukate. Batzorde Eragileak proposatuta, Batzar Orokorrak zenbatekoa eta arduraldi-araubidea zein diren onartu beharko du. Ordainsaririk jasoz gero, Gizarte Segurantzako araubidean hartu beharko da alta, eta ezin izango da asistentziagatiko dietarik jaso. 

ELKARTEA DESEGITEA

26. Artikulua

Elkartea desegiteko erabakia hartuz gero, likidatu eta ondare soziala euren kuoten zenbatekoaren arabera banatuko da bazkideen artean, kasuan kasuko betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren dirubideak kendu ondoren. 

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskadiko Udalen Elkartea, hasierako ondarerik gabe 1982ko maiatzaren 8an sortua, Estatutu hauen bidez, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen eraginpean jarri da. Batzorde Eragileak, 3 hilabeteko epean, Elkarteen Erregistroan inskribatuko du Elkartea. Estatutu hauek onartzen diren egunean bazkideak diren udalerriek ez dute Elkartearekiko atxikipena berretsi beharko, ezta bazkide izateari eusteko izapiderik egin beharko ere. 

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutu hauetan zehaztutako helburuen esparruan, beharrezkoak izan daitezkeen elkarrizketa eta negoziazioak abian jarri ondoren, EUDELeko Batzorde Eragileak EUDELeko Batzarrari aurkeztu beharko dio xede bakarreko tokiko beste elkarte batzuekin bateratzeko programa. Hartara, Euskadiko udal-elkartegintza indartu ahal izango da, baliabideen ekonomiaren, ahaleginen uztarketaren eta lankidetzaren printzipioak kontuan hartuta.

Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkarteak Euskal Herriko arlo politiko zein instituzionaletako antzeko beste elkarte edo federazio batzuekin ezarriko ditu helburu bateratu guztietan elkarrekin lan egiteko formulak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

EUDELek Euskalduntzeko Barne Plana eta Genero Berdintasunerako Plana prestatu eta urteko ohiko lehenengo batzarrean aurkeztuko ditu. 

XEDAPEN  IRAGANKORRA

17.3. eta 22.4 artikuluetan aurreikusitakoa Estatutu hauek onartu ostean egingo diren hurrengo udal-hauteskundeetatik aurrera ezarriko da.