Esp | Eus
‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

Adierazpen hori euskal udalen eskura uzten da. Xedea da udalek erreferentzia-eredutzat hartu ahal izatea, baita “Euskararen Nazioarteko Eguna”ren edizio berri honen aldeko udal sostengua erraztea ere.